aina argi dago batez ere aldarrikapen zentzua dutela, eta apirilaren 7a Osasunaren Nazioarteko eguna izendatu zutenetik egun honetan zenbait arazori arreta jarri behar diogu nahitaez.Gizakien eta bizidun guztien osasuna arriskuan jartzen duten faktoreak salatu beharrean aurkitzen gara gaur bereziki. Badago zeri heldu Euskalerri mailan hurrun joan barik: Garoñako zentral nuklearra, zaharkitua egonarren funtzionatzen eta kilometro gutxitara dagoen arrisku bat da, eta noiz arazoren bat eragingo duen beldurrez gaude. Hala ere badirudi berarekin bizi beharko dugula harik eta behin betiko ixtea erabakitzen dutenarte, etengabeko arriskupean.

Baina zentral nuklearren ospe txarra ez duten beste kutsa-gune ugari ditugu Bizkaian, Urdaibaitik gertu, Boroako Zentral Termikoa hurrunago joan barik, ofizialki martxan hasi orduko erreketara isurketa pozointsuak egin zituena, herriaren %95-ak zentralaren aurkako botoa eman zuenarren ezarri zutena.
Eta kezkagarriagoa da ustez babesturik dauden eremuak ke kutsakor batek estaltzen dituela konturatzen garenean, Urdaibaiko itsasadarretako urak kutsaturik itsasoratzen direla ikusten dugunean, bere ibilbidean zehar hainbat arrain hilik uzten dituenean, eta ondorioz arnasten dugun airea, edaten dugun ura eta kontsumitzen ditugun produktuak kutsatuta daudela jakiten dugunean.

Balizko Biosfera Erreserba da Urdaibai, une oro erasotua, airez, urez eta lurrez. Babesteko eratu ziren erakundeak ez dira nahiko eraginkorrak Biosfera Erreserba hau zaintzeko, Urdaibaiko Patronatoa, Ingurumen Saila…eta desesperaturik auzo-elkarteak sortzen hasi dira herrietan, auzotarrak asaldatu egin dira osasuna eta natura zaintzearen alde; ZAIN DEZAGUN URDAIBAI eta SOS MUXIKA Herritarren Elkartea adibidez, azken hau Muxikako bizi kalitatearen hobekuntzarako Herritarren Elkartea izenpean Muxikan dagoen Finsa-Inama enpresak eragiten dituen osasun arazoak publikoki eta epaitegietan salatu ditu, ez dabiltza ez txantxetan, osasuna ez baita brometan ibiltzeko gaia. Legea betetzen ez duen enpresa honek arnas aparatuko afekzioak, dermatitisak, nerbio-sistemaren desorekak, insomnioa eta gaixotasun larriagoak sufritzeko probabilitatea gehitu egin ditu bere inguruan eta Urdaibaiko eskualdean bizi garen guztiongan, besteak beste minbizia izateko arriskua gehitu egin du adibidez.
Onartezina da, 15 urtetan salatzen eta kexatzen ibiliarren ke pozointsuek, zaratek, dardarek… inguruko auzotarren bizitza eragozten jarraitzea, eta SOS MUXIKA eratu zenetik hiru urte igaro direnarren ez da ezer konpondu, bitartean denbora aurrera joateak kutsadura gehiago arnasten jarraitzea suposatzen du, gaixotasunek okerrera egitea, zarata eta dar-darengatik lorik egin ezinik jarraitzea, eta azkenean etxebizitzak utzi eta beste herri batera bizitzen joatea erabaki behar izatea.

Baina nora joan bizitzen Urdaibai bera kutsaturik badago? Zein leku gelditzen da osasunean bizitzeko eskubidea bermatuko diguna?
Industrializazio basati batek ingurumena zanpatu du, Urdaibaira ere heldu da eta ez du ezer errespetatzen, eta garapenaren izenean garestiegi ordaintzen ari gara enpresa hauek dakarten “aurrerapena” edo “lana”: ingurumena, baliabide naturalak eta batez ere guztion OSASUNA etengabe kaltetzea eragin dute.
Gaur egun badaude baliabideak arrisku hauek sahiesteko, benetako garapen eusgarri bat aurrera eramateko, eta ez EBAKI bezalako enpresa berri bat Muxikan ezartzea eta lurzorua kutsatzen hastea eta gainera kojenerazio planta ezartzeko baimena ematea. Ezta ere Finsa-Inamatik kilometro batera 59 Ha-tako Poligono Industrial berri bat egiteko plangintza eratzea, etxe-bizitzetatik 50 metrotara.

Honelako erabakiek kezka larriago bat sortarazten digute: enpresa hauei bide ematen dieten erakundeek, hau da alkatetzak, Eusko Jaurlaritzako Sailek, Diputazioak… zein arduragabekeriaz jokatzen duten… Herritarren osasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzeko eskumena dutenek saldu egiten gaituzte, gure osasunarekin jokatzen dute, bizi kalitate duina izateko eskubidea urratzen dute… Beraz, noren eskuetan gaude?
Herritarren osasuna defendatzeko eskumena duzuenok: ezin duzue beste alde batera begiratu, ezin duzue arduragabekeria honekin jokatzen jarraitu, ezin duzue gure osasuna arriskuan jarriko duten erabakiak hartzen jarraitu.
Gaur OSASUNEAN BIZITZEKO ESKUBIDEA aldarrikatzen dugu, bizi kalitate duin bat izateko eskubidea dugulako. Hau betetzen ez duzuen bitartean asaldatzen jarraituko dugu auzoetan, herrietan, oinarrizko eskubideen defentsaren alde.
Itziar Lopategi Urrutia
Urdaibaitik
No hay comentarios:
Publicar un comentario