Ingurumena
Enpresaren zarata eta isuriak kezka iturri dira; hilaren 30a arteko denbora dauka neurriak hartzeko .Iñigo Bilbao - MUXIKA
Muxikako Industria de Maderas Aglomeradas SA enpresako ugazabek hilaren 30a arteko epea daukate euren jarduerak sortzen dituen eragozpenak gutxitzeko. Egun horretan amaituko zaie Muxikako Udalak agindutako zuzentze-neurriak hartzeko daukaten epea. Neurri horiek betetzen dituenean izango du enpresak berriz jarduteko baimena.
Inama deritzote enpresari herrian. Enpresak ezinegon handia eragin du inguruan bizi diren muxikarren artean. Irailaren 3an izandako isurketak beldurra areagotu du, baina auzokoak 14 urte daramatzate protestan. Diotenez, Inamak egiten duen zarata, isurtzen duen kea eta sortzen dituen dardarak «jasanezinak» dira. AAC eta Labein enpresek zarata neurtzeko hiru azterketa egin dituzte, eta hirurek diote enpresak zarata mugak gainditu egiten dituela, batez ere gauez. Labeinek dioenez, dardarizoak ere nabarmenak dira.Ez hori bakarrik. Industriaren kutsadura neurtzen duen Eper txostenaren arabera, Inamak urtean 673.002 kilo sufre oxido isurtzen ditu; onartzen den isurketa muga 150.000 kilokoa da. Auzokoak arduratuta daude. Ez dute ahazten enpresaren inguruan, 500 metroko aldean, euren etxebizitzak ez ezik erretiratuen egoitza eta ikastola ere hor daudela. Hamaika protesta egin arren, Udalak ez diela «kasurik egin» salatu dute.
Instalazioak handitzeko baimena
Arazoak areagotu egingo zaizkielakoan daude, gainera, Muxikako zenbait bizilagun, oso kezkatuta. Izan ere, enpresak instalazioak handitzeko baimena eskatu du.
Eskaera iaz egin zuen, baina Urdaibaiko Patronatoak atzera bota zuen proiektua, besteak beste, horrek Oka errekan izango zuen eraginagatik. Ezin da ahaztu Gernikan edaten den uraren erdia baino gehiago bertatik hartzen dutela. Enpresak hori ikusita, egitasmo berri bat egin zuen, txikiagoa izanik ere, Urdaibaiko Erreserbako 12 hektarea inguru industrigune bezala sailkatzea eskatzen du. Eskaera onartuz gero, Patronatoak Biosfera Erreserbako plan gidaria aldatu beharko luke.Hori ohartarazten zuten Patronatoko teknikariek Inamari buruz bere garaian egindako txostenean. Ziotenez, enpresak planari kasurik egin gabe ipini izan ditu bere jardunerako azpiegiturak.
Protestak
Euren lasaitasuna, osasuna, lurra eta ingurumena babesteko asmoz, hainbat herritarrek SOS Muxika elkartea sortu aurretik ere, Inamaren jarduerak protestak eragin zituen.
1992: Enpresak isurtzen zituen kea, hatsa eta errauts zatikiak zirela eta, inguruko bizilagunek Udalera jo zuten lehenengo protesta egitera.
1995: Ordura arteko protestei inork jaramonik ez ziela egiten ikusita, eta euren osasunaz arduratzen hasiak zirelako, enpresa kontrolpean ipini zezatela eskatuz, sinadurak batu zituzten herrian, Udalari eta Eusko Jaurlaritzari igortzeko.
2003: Inamak instalazioak handitzeaz gainera, egun osora luzatu zuen bere jarduera; zaratak eta dardarizoek ez dute etenik ordutik. Herritarrek SOS Muxika sortu eta protestak areagotu egin zituzten.
JABIER GEZURAGA (MUXIKAKO ALKATEA)
«Gure asmoa da Inama herrian lekukotzea; ez dugu Inama gabeko Muxikarik ikusten» «Ni herritarren alde nago, herritarrek eurek aukeratu nindutelako. Hori argi daukat. Baina argi daukat era berean Inama gure herriko enpresa dela eta muxikar asko enpresari esker bizi direla. Gure asmoa Inama herriaren barruan lekukotzea da; ez dugu Inama gabeko Muxikarik ikusten. Hori bai, enpresak bete egin beharko ditu ipini zaizkion baldintzak. Horretan ados». Jabier Gezuraga Muxikako alkate jeltzalearen berbak dira horiek.
Argi utzi nahi izan du Berriari egindako adierazpenetan: «Inama handiagotu egingo da herriak horrela nahi badu». SOS Muxika taldekoen protestei buruz ere mintzatu da. «Herritarren artean gehienak, hamarretik bederatzi, zintzo-zintzoak dira eta euren jokaera arrazoizkoa da. Baina taldeetan gertatzen den bezala, badira batzuk jokaera hain zuzena ez daukatenak. Guk argi daukagu gauza bat: hemen batzuk hasi dira leku guztietatik tiro egiten, denak presionatu nahi dituzte euren egoera aldatzeko. Uste dut gogorrean doazela», esan du alkateak.
«Demokrazian sinisten badugu, eta sinisten ez badugu ere, gu herritarrek aukeratutako ordezkariak gara». Patronatuaren jardueraz ere kritiko agertu da Muxikako agintaria: «Oso erraza da Inamak zerrenda luze batean bildutakoak bete behar dituela guri esatea, baina gu, udaletxean, idazkari bat, administratibo bi eta laurok gaude, eta ni neu egun bi baino ez astean. Jakina, baldintza horietan nahiko gaitza egiten da, halako munstroa kontrolatzea. Gu ez gara gai Inama denbora guztian kontrolatzeko».
No hay comentarios:
Publicar un comentario