domingo, 3 de junio de 2007

SOS MUXIKAk Finsa-Inama enpresan beste sute bat izan dela salatu du

GARA (2005-03-04)

  • Herritar guztien osasuna berriz ere “arrisku larrian” jarri duela salatu zuen.
  • Enpresak su har dezaketen hainbat produktu arriskutsu eta “kaltegarrirekin” lan egiten du.
Finsa-Inama enpresak Muxikako auzokideen haserrea pizten jarraitzen du. SOS MUXIKA-k salatu duenez, joan den hilaren 24an sute handi bat izan zen expresan, eta “herritar guztien osasuna arriskuan jarri zuen”. Izan ere, lantegia etxebizitzetatik 50 metrora dago eta su har dezaketen produktuekin lan egiten dute bertan.




SOS MUXIKA plataformak berriro agerian utzi du Finsa-Inama enpresa Muxikako biztanleentzat arriskutsua dela. Izan ere, plataformako kideek salatu zutenez, otsailaren 24an eztanda "erraldoi" bat izan zen, eta ondoren sutea piztu zen enpresan; "ondoan bizi diren auzokideak arrisku larrian jarri zituen".

Inama enpresak su har dezaketen produktu askorekin lan egiten du. Besteak beste, fuel-oila, parafina eta egurra itsasteko kolak erabiltzen ditu kopuru handitan. Gainera, arriskua are eta handiagoa da fuelaren andelen alboan, 50 metrotara, etxebizitzak daudelako. Halaber, Zornotza-Gernika errepidea, enpresaren albotik pasatzen da.




"Zoritxar handia gertatzeko zorian egon gara", esan zuten SOS MUXIKA-ko kideek. Enpresaren kontrako beste salaketa bat jarriko dutela azaldu zuten.



Muxikako plataforma horrek denbora luzea darama eskatzen Inamak duen lan-lizentzia bertan-behera geratzeko. Izan ere, "azken urteetan hainbat irregulartasun egin ditu". Alde batetik hainbat substantzia arriskutsu isuri direla gogorarazi zuten, eta "auzokideengan buruko min eta begietan narridurak sortu dituzte". Bestalde, zarata handia egiten duela ere salatu zuten.

ETXEAK GERTU
  • Hainbat etxe bizitza lantegitik 50 metrora bakarrik daudela salatu dute.
  • Joan den urtean hiru sute izan zirela adierazi du Muxikako plataformak.

Horri guztiari gaineratu behar zaio ez duela legeak markatzen dituen distantziak errespetatzen. Etxebizitzetatik 2.000 metrora egon beharko litzateke, eta 50 metrora daude etxe batzuk.

"Enpresak adierazi du azpiegitura handituko duela; beraz, etxebizitzetatik gertuago egongo da eta herriari kalte handiagoa eragingo dio"- nabarmendu zuten.


Halaber, SOS MUXIKA-k gogorarazi zuen joan den urtean ere hiru sute egon zirela Inaman. "Gertatutakoak ikusita, Udalari larrialdietarako plan bat gara dezatela eskatzen diogu berriz ere. Muxikako biztanleak beldurrez gaude, edozer gerta baitaiteke. Beraz, Udalari eta Lakuako Ingurumen Sailari eskatzen diegu konponbide bat har dezatela".

No hay comentarios: